2022ko Azkoitiko 3x3 Futbol Festa bertan behera geratu da eta horren harira honako adierazpena egitea gustatuko litzaidake:
Aurtengoa zortzigarren edizioa zen ospatzekoa. Aurreko zazpi edizioetan inoiz ez da inolako baimenik eskatu Futbol Festa antolatzeko, hitzak esaten duen bezala FESTA bat delako. Festaren kolaboratzaile edota antolatzaile garen tokitik, argi eta garbi izan dugu beti araudia zein den. Guri dagokionez, Futbol Festa antolatzeaz gain, Azpeitia Cup TXAPELKETA antolatzen dugu, eta argi eta garbi dugu txapelketak antolatzeko ze araudi jarraitu behar dugun; hau da, 8 urte azpiko neska mutilek ezin dutela jokatu eta zerbait antolatzekotan opor garaian antolatzeko aukera dugula.
Beraz, ulertzen dugu araudia eta hau interpretatzen ere badakigu. Ez duguna ulertzen da Foru Aldundiak oraingoan izan duen jokaera. Udara aurretik, udalak deitu zigun Futbol Festa berriro antolatu nahi zutela eta ea urtero bezala antolatzeko prest geunden. Udalak antolatutako ekitaldi bat, festa bat, eta horretarako Foru Aldundiari baimena eskatu behar zaio? Baino non ikusi da hori? Baimena zertarako?
Orain dela urte batzuk sortu zen Futbol Festa eta argi genuen honen sorreraren helburua. Kirolean eta batez ere futbolean, lehiakortasun handiegia ikusten genuen eta zerbait sortu nahi genuen hori ekiditeko. Futbol Festa sortzea erabaki genuen. Emaitzik egongo ez zen festa bat, taldeak nahi ziren modukoak izango zirelarik, genero ezberdintasunik egin gabe, galtzailerik egongo ez zen festa bat, ondo pasatzea eta parte hartzea izango zen irabazirik gozoena, haur bakoitzak bere domina jasotzen zuen opari gisa eta jada denok ginen zoriontsu …
Futbol Festarekin lehiakortasunaren aurka egin dugu, berdintasuna sustatzeko bideak eman ditugu, futbola, nahiz eta kirola izan, jolas moduan erabiltzea dagoela agerian geratu da. Ze kalte egin dio honek gizarteari? Ze kalte egiten dio honek haurrari? Ze kalte egiten dio honek Foru Aldundiari?
2015ean Foru Aldundiarekin beste gai batzuei buruz hitz egiteko bildu ostean, Futbol Festa antolatzeko baimenik eskatu beharrik ez zegoela adierazi ziguten. Beraz, zer egin dugu guk gaizki? Komunikabide desberdinetan irakurri dut, Foru Aldundiak Futbol Festa debekatu duela antolatzaileek eskaera ez dutelako egin, jakinaren gainean egonda. Hori ez da egia! Niri pertsonalki inork ez dit esan inoiz Futbol Festa ezin dudala antolatu eta gutxiago eskaera egin behar dudanik. Lehenengo notizia izan duguna aste honetan gertatutakoaren harira izan da. Beraz, gure teilatura mesedez harririk ez! Gure helburua haurren ongizatea bilatzea denean, euren zoriontasunaren bila antolatutako ekintza delako eta beraz, gezurrak esatea ez dut onartuko.
Bukatzeko, haurrak askea izan behar du. Gu hemen ez gaude debekatzeko, haurrei aukerak eman behar zaizkie, bidea eraikitzen lagundu behar diegu, eta gu, helduok, beraien bidelagun izan behar dugu. Guraso eta irakasle naizen tokitik, tristura eta lotsa sentitzen dut Foru Aldunditik jaso den ZIGOR eta DEBEKU honekin. Ez da nire hezkuntza eta ez da nire ondorengoentzako nahi dudan hezkuntza. Nik behintzat nire haur eta ikasleak ez ditut zigorrean edo debekuan heziko. Haurrak aske izan behar du eta bere interesetatik abiatutako ekintzak burutu behar dituelakoan gaude. Horretarako, era batean edo bestean, orain arte bezala, lanean tinko jarraituko dugula adierazten dugu.
Mikel Rodriguez
Presidentea